Uste dugu guretzako publizitaterik onena gure Kabi Etxeetara euren seme-alabak ekartzen dituzten gurasoen testigantzak direla. Jarraian gure proiektuan uste osoa jarri duten familiek kontatutakoa aurkituko duzue. Mila esker guztiei.
Kabi Etxeen hezkuntza eredua ezagutu genuen Donostiako WhatsApp-eko edoskitze talde baten bitartez. Taldeko ama batzuek euren seme-alaba batekin bizi izan zuten esperientzia eta zein ondo joan zitzaien kontatu ziguten. Ez dago ahoz-ahoko testigantza baino hobeagorik.
Joaneren lehen urtea Carmenekin hasi genuen Vista Eder-en. Esperientziak guk sortutako aurreikuspenak asko gainditu zituen, eta horregatik, ondorengo urtean Joanek berriro ere errepikatu zuen eta Garik, bere anaia, esperientziarekin bat egin zuen.
Carmen profesional bikaina da hezitzaile gisa; hurbila, enpatikoa, eta umeekiko "feeling" oso berezia duena, berehala eroso eta seguru sentiarazten ditu.
Naturarekin eta aire zabalarekin kontaktua ezinbestekoak izan ziren eta dira gure familiarentzat. Eguraldiak laguntzen zuen guztietan gozatu ahal izan zuten gure txikiek Vista Ederren: ibilaldiak eta jolasak Cristina Enea parkean urteko urtaro guztiak pasatzen ikusten; Vista Eder etxeko lorategian loreekin, barraskiloekin eta igerilekuan eta hondartzan... luxu bat dudarik gabe!
Carmenek beti izan zuen erantzun lasaigarria eta egokia gure txikien heziketaren inguruan genituen zalantzak eta ziurgabetasunei buruz...
Zenbat ikasi dugun zurekin!
Inoiz ahaztuko ez dugun esperientzia zoragarria izan da. Eta eragozpen bat... Kabi Etxeak ez egotea 3 urte baino gehiagotik aurrera 😉
Carmen, eskerrik asko Joane eta Gariren garai eder honen parte izateagatik.
Tipi-tapa… badoa bizitza, tipi-tapa… koskortzen doaz etxeko txikiak, eta horrekin batera gurasoek hartu beharreko erabakiak ere. Handituz doaz eta erronka horien artean, seguruenik handienetarikoa, haur-eskolaren hautaketa da.
Gure seme-alabak beste norbaiten zaintzapean utzi beharreko eguna iritsi da, zalantzaz betetako unea, erraz hartzen ez den erabakia, baina derrigor hartu beharrekoa.
Aukerak badira, haur-eskola publikoak, pribatuak… eta badira Kabi Etxeak ere. Eta zer dira Kabi Etxeak? Kabi Etxeak gehienez ere 4 haur zaintzeko egokitutako etxeak dira, 0-3 adin tartekoak. Hezitzaileak berak egokituko du etxea, segurua eta aproposa izan dadin eta hala, giro lasaian eta atxikimenduzko pertsona egonkor eta hurbileko baten laguntzaz, benetako ikaskuntza gerta dadin.
Hori da www.kabietxeak.eus webgunean ematen duten azalpena, baina nik hori baino askoz gehiago dela esango nuke: maitasunez egindako proiektu bikain, polit eta borobila dela.
Gure kasuan, momenturik beharrezkoenean agertu zen Amaia, Ibone (nire alaba) eta bion bizitzan.
Haurren udako oporrak iritsi eta horrekin batera haur-eskola publiko zein pribatuen ordutegi murrizketa, ez ordea lan ordutegiarena, eta familia edo lagunekin uzteko aukerarik ez duzunean, benetan arazo handia suertatzen da.
Horregatik Kulunka Kabi Etxea ezagutu nuenean patuaren indarra izan behar zuela pentsatzea besterik ez nuen, dena baitziren abantailak eta erraztasunak: ordutegi malgutasuna, etxetik gertu egotea…
Egokitzapenerako denborarik ere ez genuen izan, eta berehala egin zen Ibone Kabi Etxera. Gustora joaten zen eta gustora eramaten nuen. Txikien beharretara ondo egokitutako etxea da Kulunka, txukuna, garbia, argia, zabala. Goxotasunez eta mimoz egindako lana igartzen da sartzen zaren bakoitzean…
Horregatik guztiagatik, mila esker Amaia, mila esker hain beharrezkoa den familia-giroa eskaintzeagatik.
Gure semea Julen zaintzeko aukera bila hasi ginenean, zeri heldu jakin gabe hasi ginen. "Kabi Etxe"en inguruko informaziorik bagenuen, baina erreferentzia zehatzik gabe. Haiei buruz askorik jakin gabe, ezta sistemari buruz ere ez, "Bihotzez" Kabi Etxea eta Idoia ezagutzera joan ginen. Bat-batean maintemindu ginen, bai etxearekin, bai Idoiarekin!
Hasieratik jasotako sentsazioa oso baikorra izan zen eta segituan konturatu ginen Julen han utzi nahi genuela.
Hala ere, ezinbestekoa izan zen, Julen lehen aldiz utzi genuenean (guk lanean hasi behar baikenuen) sentimendu desberdinak nahastu ziren. Julenek 5 hilabete besterik ez zituen eta ia beragandik banatzen ginen lehen aldia zen. Gure irudipena zen umeak ez zuela ohitura zehatzik jateko edota lo egiteko garaian, eta, gainera, "mimosin" txiki bat zen. Baina gure beldur guztiak segituan uxatu ziren eta egokitzapena oso erraza izan zen! Sistema erabat egokitzen zaio ume bakoitzaren erritmoari, bere loaldiei eta bere jatorduei. Baita etxea ere. Bertako txoko bakoitzak umea du helburu, bere garapena, dibertimendua… Horrela umeek gustora eta eroso senti arazten dituzten txokoak eta jarduerak topatzen dituzte etxean; eta dena giro goxo-goxoan!
Eta, Idoia. Ume bakoitzarekiko arreta, heziketa eta begirada bereziak ditu. Gainera, gurasoei laguntza osoa eskaintzen die, umearen garapenean zehar sortzen diren zalantzak eta beldurrak argituz. Horregatik, egunero lasai eta pozik uzten genuen Julen bere besotan, bere bigarren etxean utziko bagenu bezala.
Orain Julenek etxea uzteko ordua iritsi da, ikastolan etapa berri bati heltzeko. Hala ere, pozik gaude "Bihotzez" Kabi Etxean beti izango delako guretzako tartea! Eskerrik asko, bihotzez!
Mikel, gure txikia, etxean egon zen 9 hilabete arte. Guraso hasi berriak bezala, ikaratu egiten gintuen beste pertsona baten ardurapean uztea, ahalik eta denbora gehiena gurekin egotea nahi genuen. Horregatik, nonbaiten edo norbaitekin uztea erabaki behar izan genuenean, zalantza asko izan genituen.
Orduan, Idoia eta Kabi Etxeak proiektua ezagutu genuen. Esan beharra dago proiektua guztiz bat etorri zitzaigula hasieratik: ingurune erosoa, haur gutxirekin, non Mikel beharrezkoa zuen arreta izango zuen, bere erritmoak errespetatuko ziren eta bere interesei eta beharrei askatasun guztia emango zitzaielarik. Ezin hobea besterik ez zen, eta gainera
etxe ondoan geneukan.
Hala ere, gauzak ez ziren berdina izango Idoia gabe. Proiektu on bat garrantzitsua zen, baina egia esanda, honen ardurapean dagoen pertsona da oinarria. Idoiak lehenengo momentutik erakarri gintuen: bere samurtasuna, bere lanari buruz hitz egiten zuen grinarekin, bere haurrekiko zuen tratua... Guztiak berekin fida gintezela esaten zigun. Eta horrela izan zen.
Urte honetan Idoia oinarrizko pertsona izan da gure familian. Mikel berarekin uzten genuenean, lasai sentitzen ginen zein pozik gelditzen zen ikusita. Izan ere, askotan ahaztu egiten zen guri agur esatea, jostailuekin bere baitan bildurik. Jasotzerakoan, gauza bera. Aurpegian irribarre batekin ongi etorria ematen zaituela ikusi, baina jolasten edo zer egon den egiten erakusteko gogoekin, preziorik ez duten gauzak dira. Zure haurrarengan banantzea askoz ere errazagoa da egoera hauetan.
Datorren ikastustean Mikel eskolan hasiko da. Aurrerapauso handia da, aldi berean nahiko beldurra ematen diguna. Badakigu Kabi Etxean izan dituen abantailak orain ez dituela izango eta gauza askori moldatu beharko dela, baina horrekin batera esperientzia politez betetako motxila batekin dator eta maitatua sentitzearen segurtasunarekin. Guk, gainera, lagun bat gureganatu dugu, dudarik gabe denbora luze batez ondoan izango duguna.
Eskerrik asko guztiagatik, Idoia.
Martin haurtzaindegi batera joan zen ez genuelako uste beste aukerarik zegoenik. Haurtzaindegiko neskak oso jatorrak ziren baina ahal zutena egiten zuten 15 haur beren kargura izanik (fardelak aldatzen bakarri goiz osoa pasatzen zuten, eta haurrak bitartean bakarrik lau jostailurekin jolasten).
7-8 hilabete ondoren Kabi Etxeen inguruan hitz egin ziguten, pixka bat begiratu genuen eta itxura ona zuela iruditu zitzaigun kanpotik begiratuta, formatutako pertsona batek gehienez 4 haur zaindu eta akonpainatzen ditu bere etxean. Horrekin bakarrik aurrerapen handia zela iruditu zitzaigun eta haurtzaindegitik ateratzea erabaki genuen eta Oihaneren etxera eramatea Andoainera. Gu Donostian bizi gara eta jende guztiak esaten zigun zein deserosoa izango zen eta ze eromena Andoainera eramatea egunero. Baina gure barneak esaten zigun mereziko zuela eta hala izan da dudarik gabe.
Oihanerekin egon zen lehenengo astetik aldaketa erabatekoa izan zen. Haurraren bila joaten ginenean haren etxera, Martin zoriontsu zegoen, haurtzaindegiarekin alderatuz (bertatik apatikoago) askoz ere alaiago ateratzen zen. Segituan ikusi zuen Oihane atxikimendu pertsona bezala. Segituan jakin genuen zergatik.
Kabi Etxean erabateko konfiantzarekin uzten dugun amonarekin uztea bezalakoa izan daiteke, badakizularik maitasun guztia emango diola eta behar duen denbora eskainiko diola baina ezberdintasun batekin, "amona" hau pertsona gazte bat da, energia gehiagokoa eta errespetuzko hazieran, edoskitzean eta hainbat korronteetan aditua, ezin dut gehiago eskatu. Ezagutza guzti hauek beharrezkoak dira haurrak denbora aprobetxa eta disfruta dezan gurekin ez dagoen bitartean. Izan ere, nik ere asko ikasi dut beraz hilabete hauetan.
Guztiz errespetatzen da haurraren erritmoa, elikaduran, loan, ikaskuntzan edota gustuetan. Baina honetaz gain, mimatu, zaindu eta autonomia izatera bultzatzen ditu.
Martin mimoso esnatzen den egunetan, maitasun, beso eta laztan gehiago behar dituenean, Kabi Etxean izaten ditu eta horrek lasaitasuna ematen digu. Guretzat oso garrantzitsua da maitasuna izatea. Gainera beste adineko haurrekin harremana izatea ordu batzuez izugarri erakusten die. Beraien artean ulertzen dira, errespetatzen dira, behatzen dira, laguntzen dira, eta 4 bakarrik izanik elkar eragiten dute ez soilik alboan jolastu haurtzaindegian bezala. Famili giroan egotea bezala da, lehengusuekin egotea bezala.
Horrenbeste dira onak diren gauzak ezin direla denak aipatu: egunero ateratzen dira kalera (ogia erostera, parkera...), janaria apartekoa da, etxean egina, nire etxean baina hobe jaten du!. Egun batzuetan klarionekin margotzen dute, besteetan argi mahaian ibiltzen dira, hondarrarekin… Egun bakoitza ezberdina da hauentzat. Errutinak ikasten diuzte txikitatik, hortzak garbitzen esaterako, mahai tresnak erabiltzen uzten die, eta sukaldea hurakan bat pasa izan balitz bezala uztearen arriskuarekin, baina ez dago beste erarik ikasteko eta Oihanek egiten uzten die izugarrizko pazientziarekin. Gainera askotan idazten dizkigu WhatsApp Martinen argazkiekin, eguna nola damakin esateko, loa, janaria, etab. kontatzeko. Ez da berarekin egotea bezala baina asko gerturatzen gaitu, asko eskertzen da.
Ziur nago gauzak uzten ditugula eta ez dakit benetan adierazi dugun zein kontentu gauden Oihanekin eta bere proiektuarekin. Dakiten bakarra da Martinek anai/arreba bat duenean ez dela sekula haurtzaindegira joango (ez diogu hortik pasaraziko, ikasi dugu) eta ahal izan ezkero Oihanerekin egotea gustatuko litzaiguke dudarik gabe.
Alaba bat izateko aukeran pentsatu aurretik ere, Idoia ezagutu eta bere seme-alabekin erlazionatzen ikusteko aukera izan genuen. Beste erreferentzia batzuetatik, Kabi Etxeak proiektua ere ezagutzen genuen. Gainera, bagenekien bertako egunerokotasuna euskaraz egiten zen tokia zela, guri oso garrantzitsua iruditzen zitzaiguna.
Hori guztiagatik, aukera suertatu zenean, ez genuen zalantzarik izan. Gure kezka bakarra Bihotzez Kabi Etxean plaza librerik egongo ote zen jakitea...
Bizitako esperientzia ona bakarrik ez da izan, baizik eta oraindik ere uste genuena baino hobeagoa.
Gauza zoragarriak kontatu litezke banan-banakako tratuan eta afektibitate-loturan oinarritutako zaintzeari buruz, haurrarekiko eta bere erritmo eta beharrekiko errespetuzko pedagogiari buruz, taldeko erlazioen akonpainamenduari buruz, edota autonomiaren sustapenari buruz.
Hala ere, imajinatzen ez genuena zen, hau guztiaz gain, Idoiaren etxea ere pixka bat gure etxea izatera pasako zela. Ez genuen espero gure edozein zalantza edo segurtasunik eza errespetuz eta interesarekin entzunak izango zirela, edozein arazoetan bideratuta izango ginela eta gure beldurrak, kezkak eta hanka sartzeei buruz hitz egin ahal izango genuela epaituta sentitu gabe.
Nahiak Idoiarekin egoteko zortea izan du 11 hilabetetik 2 urte eta erdi arte, baina Fabiok eta Martak berak bezain beste zortea izan dugu gutxienez.
Horrela, etapa hau pena handiarekin ixten dugu, baina baita Bihotzez Kabi Etxetik igarotzeak Nahiaren etorkizunerako oinarri sendoak jartzea erraztu digun ziurtasunarekin, eta berekin gure bidea ahalik eta modu onenean jarraitu ahal izateko.
Azken urte honetan gure haurra, gure altxorra, edozeinen eskuetan utzi nahi ez duzun hori, Vista Eder-en bizi izan da, goizeko 08:00tatik eguerdiko 14:00tara. Hasieran beldurra izan arren, urtebete ondoren ondorio argi honetara iritsi naiz: Kabi Etxea, hoixe bai izen egokia.
Edozein arrazoi dela eta, etxean zainduko ez ditugun gure txikientzat bigarren kabia izan daiteke Kabi Etxea. Bere bizitzako lehen urteak, urte erabakiorrak, pasatzeko toki seguru, lasai eta atsegina.
Umeak behar zuen egokitzapena egin ondoren, goizero gogo handiz joaten zen Vista Eder-era. Ongi etorria egin, kantak abestu, hamaiketakoa eta Kristina Enea-ra egindako ia eguneroko bixita zoragarriak edo hondartzara egindako irteerak oso gustoko zituen. Han eta hemen jolasean, naturarekin kontaktuan, gauza berriak esploratzen, jakin-min amaigabea asetu nahian. Euri zein eguzki, beti zegoen zerbait dibertigarria egiteko: margotu, loreak ureztatu, hondarrarekin jolastu, indioailarrak bilatu, ahateei jaten eman… Elkarrekin, bapatean edo hitzeginez egindako planak. Eta bukatzeko bazkari autonomoa, beraiei egokitutako mahaian (aparteko ikuspegiarekin) eta siesta beste kideekin.
Haserreak, kolpeak eta hozkadak ere izan oi dira, hala ere, emandako erantzun lasai eta errespetuzkoarekin, inoiz ez dut haurra negarrez jaso eta berak joateko erakusten zidan gogoarekin lasai utzi dut, esku honetan dagoelako.
Kabi Etxeetan dauden haurrak profesionalen eskuetan daude, eta pertsona hauek haur bakoitzari benetan behar duen arreta eskaintzeko denbora eta gaitasuna dute. Haur gutxi, etxeko giro lasaia, prestatutako ingurua zein materiala eta gurasoekin harreman zuzena dago. Jakinekoa da haur txikiek arreta handiago behar dutela eta ratio txikiak beharrezkoak direla. Kabi Etxeetan hau bermatuta dago.
Egunero irteterakoan eguneko laburpen txiki bat egiten genuen eta haurraren eboluzioa gertutik jarraitzen genuen. Konturatzerako uda iritxi zitzagun arte.
Kabi Etxeko haur baten ama izateaz gain, Carmen pertsonalki ezagutzeko zortea dut, beraren laguntzaz gure haurrari buruz asko ikasteko aukera izan dut eta profesional aparta dela iruditzen zait. Nire umeak berarekin sortutako harremana polita eta sanoa da.
Non etxean baino hobeto? Ba etxean ezin denean, Kabi Etxean.
We came to Donosti last year in August with our two children. For the older one we chose the German School, but our daughter Magdalena was too little to go there. Also, we were looking for something smaller, with fewer children and kind of a family atmosphere. One day, we coincidentally saw an ad with some words in Euskera, which we didn’t understand, but it seemed to have to do with small children. We looked it up on the internet and it turned out to be an association of childminders, which is quite a new and mostly unknown concept in Spain, although in Germany for example it’s very common. I met with Maria to get to know her a bit and talk about her ideas of childcare and we decided to start the adaptation in January. As I had enough time, we did quite a long adaptation period, where we allowed Magdalena to get to know the home, Maria and the other children quite well before starting with short separations from me. We increased the period of separation slowly and according to Magdalena’s wellbeing and added eating and sleeping time likewise. Our daughter started to like going to Maria’s, she was happy when we brought her there in the morning and was in a good mood all day long. During the time in the Casa Nido, Maria used to send us messages and pictures, telling us about how about they were doing. At the time of bringing and picking up there was always time for a small (or sometimes a little longer) chat, which was great for us, because in this way we could share important news regarding our child and also learn something about our daughter’s day. Like this, we built a relationship of trust and cooperation, and we felt that Maria was a great partner in the everyday task of parenting.
Maria spoke to the children in Spanish and Euskera. None of these languages is spoken in our home and we loved how Magdalena added these two to her language skills she is learning with us (German and Czech). She is now 19 months old and actively uses words in all four languages.
For Magdalena, now Maria is like another family member. She and also we parents trust her completely. We are very happy that we had this great possibility of Maria looking after our daughter and would like to thank her for her daily efforts, her sympathy and her loving care.
Bi seme-alaba ditugu eta zaharrena lehenengo bi urteetan amonarekin egon zen. Bigarrena jaio zenean, amonaren aukera ez genuenez, haurtzaindegira eramatea erabaki genuen. Auzoko haurtzaindegiak ezagutu ondoren, gure etxe ondoko batean izena eman genuen. Haurtzaindegia hasi aurretik, parkera joan ginen egun batetan, auzoko lagun batek Idoiaren Kabi Etxeari buruz hitz egin zigun. Guk ez genuen haurrak hezitzeko eta zaintzeko era hau ezagutzen, eta jakinmin handia sortu zitzaigun. Erreferentziak hain onak zirenez, Idoiarekin geratu ginen. Lehenengo momentutik, goxotasuna, gertutasuna eta konfidantza helarazi zigun.
Haurtzaindegi batean umeak jasotzen duen arreta ez dauka zerikusirik Kabi Etxean duenarekin, gehienez lau ume bait daude. Bakoitzaren erritmoa errespetatzen da. Etxea umeen adinari guztiz egokituta dago, eta honek umearen autonomia bultzatzen du. Egunero kalera ateratzen dira. Etxean dauden jostailu eta materialak kalitatezkoak eta didaktikoak dira, sormena eta esperimentazioa asko landuz.
Arrazoi guzti hauek Kabi Etxearen aukera hartzera bultzatu ziguten, haurtzaindegia baztertuz.
Idoiaren Kabi Etxean urte eta erdi pasa ondoren, esan dezakegu hartu genuen erabakia zalantzarik gabe egokiena izan zela, ez bakarrik gure aldetik, baita gure semearen aldetik ere, bere "bigarren" familia han izango duelako. Gure semearen alaitasun eta goxotasunaren parte haundi bat, Kabi Etxean jasotakoaren islada dela uste dugu. Nola eskertu Idoiak eta Edurnek gure semeari emandako maitasun, arreta eta pazientzia? Mila esker, zoragarriak zarete!!!
Haurdun nintzenean segituan hasi nintzen pentsatzen erditu ondorengo denboraldian. Guztia ahal bezain antolatuena izan nahi nuen. Eta gauza guzti horien artean gehien kezkatzen ninduena zen nire egoerarengatik eta lan motarengatik, hilabete gutxietara lanean hasi beharko nintzela berriro eta nire senarrak ere ezin zuen lana egiteari utzi. Aukerak baloratzen hasi ginen, eta gure egoeran, gure senideekin geratzeko aukerarik ez zeukanez, hasiera batean bi aukera genituen: haur eskola edo umezaina. Ez gintuen guztiz konbentzitzen ez batak eta ez besteak, umezainak zenbait alderdietan konbentzitzen gintuen (banan-banakako tratua, gaixotasun egoeratan zaintza ere...) eta haur eskolak beste batzuetan (beste haurrekin egotea). Gauza da informatzen hasi ginela eta Kabi Etxeekin topo egin genuela. Aukerarik egokiena zela pentsatu genuen, beste aukeren onena biltzen zuen. Dezepzio pixkat izan genuen jakin genuenean Gipuzkoan oraindik ere gutxi zabalduta zegoela. Hortaz, erabaki hau beranduagorako uztea erabaki genuen. Erditu eta bi hilabeteetara gaiari berriro ekin behar izan genion lanera bueltatzearen presioa hor zegoelako, eta haur denda batean "Kabi Etxeak"en libiruxkat bat aurkitzea zortea izan nuen. Segituan deitu genuen eta Idoia ezagutzera joan ginen Bihotzez Kabi Etxera. Egia esan, aukerak ikustera joan ginen, baina bera eta bere etxea ezagutzea izan zen jakiteko "hori" zela zehazki Aitanarentzako nahi genuena. Lehen egun horretan ikusi genituen Idoiaren ezaugarriak, denborarekin baieztatu eta sendotu besteri ez egin zirenak. Pertsona goxoa da Idoia, atsegina, ulerkorra, egiten duenarekin guztiz konprometitua eta denbora guztia eskaintzen diona, eta guzti hau, noski, haurrekiko eta egunerokotasunean gurasoekiko tratuan ikusten da. Aitana han uztean neuzkan sentsazioak nire amarekin uztea bezalakoak ziren, lasaitasun guztia. Pozik joaten zen eta han, zaindu eta mimatzeaz gain, bere autonomia, bere segurtasuna, bere buruarekiko konfiantza eta bere sormena bultzatu da, dena modu askean baina kontrola galdu gabe. Ikusten duzuen bezala, oso pozik nago esperientziarekin, uste det lehen aipatutako aukeretatik gehien konbentzitzen nauena dela dudarik gabe, tratua guztiz banan-banakakoa delako (baita gurasoekiko ere), etengabe informatuta zaude, ordutegi malgutasuna dago, kalera irteten dira egunero eta gainera, guzti hau, beste haurrekin erlazionatuta baina talde txikietan (4 haur). Orain Aitana handitu egin da eta eskolan hastea tokatu zaio, baina berriro ere haurdun nago eta argi daukat dudarik gabe nire bigarren semearekin ere esperientzia errepikatu nahi dudala.